XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bakearen ikurra irudikatu zuen paretetako batean.

Besteetan, adats luzeko eta aurpegiera malenkoniatsuko neskak eta Jimmy Hendrix, begiak itxita eta kitarra jotzen.

Haien azpian ipini zituzten gurasoenetik ekarritako kuxinak, tamaina, kolore eta forma ezberdinekoak.

Aulkirik ezean, haietan jesartzen ziren, gela erdian paratutako mahai baxuaren inguruan.

Gabrielek, argazkilari baten semeak, laboratorioko bonbila gorria ostu zion aitari.

Atsegin zuten txokoari hark eragindako giro exotikoa.

Argi epel hartan bildurik, babestuta sentitzen ginen, kanpoko parte txarreko guztiak uxatuko balitu bezala.

Kandelak isiotzen zituzten egun berezietan.

Ordu luzeak ematen zituzten Zaramagako sotoan.

Avenidan Coca-Colak erosi eta etxean ostutako botiletakoekin nahasten zituzten.

Denetarik: whiskya, patxarana, gina, dena kolkora!.

Edan eta berbetan ihardun, luze eta edozeren gainean berbetan ihardun, hara zertan igarotzen zituzten arratsaldeak.

Alkoholak gauzak argiago ikusten laguntzen zigun, Gasteizko bizimoduaren ziztrina agerian utzi eta handik kanpo itxaroten zituen etorkizunaren distira ekartzen zien begietara.

Gu ez ginen, ez, geure guraso, anai-arreba edo ikaskideen moduko itsuak.

Eurek ikus zezaketen.

Eta ikusteko gaitasun berezi baten jabeak zirelakoan, kanpoko guztia arbuiatzen zuten.

Hargatik saiatzen ziren beren etxeetara ahalik eta gutxien azaltzen: ez kutsatzearren.

Bazkaltzera joango ziren, diru bila; gainerakoan Avenidan edo Zaramagako sotoan egongo ziren.

Baten batek lo ere bertan egingo zuen, denerako erabiltzen ziren kuxinetan.

Musika entzuten ematen genuen denbora gehiena, bi eta lau kantako single haiek!.

Eta musikaren gainean iharduten zuten sarrien.

Baina ez haren gainean soilik, beste zenbait gaik ere bazuen lekurik berriketa haietan.

Neskenak, esaterako.